SUIZA-ALPEEAK ZERMATT- (Obergabelhorn 4.070mts)

2004/08/8

Oporrak hartu ditugu eta bagoaz bidean Suitza aldera. Ordu pila bat ditugu aurretik. Furgoneta topera kargatuta daramagu janari eta material guztiarekin. Hogei egun inguru pasako ditugu hor zehar; lehenengo bederatzi egunak Suitzan eta gainontzekoak Italian, Dolomitak inguruan. Iaz Dolomitetan egon ginen arren aurten bueltatuko gara, toki zoragarria iruditu zitzaigulako. Ilunduta dago eta heldu gara Suitzara. Zermat herritik ordu eta erdira gaude, baina biharko utziko dugu bertarainoko bidea. Asteartea da eta Tahc herrira heldu gara, bertan informazio bulegora goaz gure planak aurrera eramateko asmoz. Aterpetxe edo refugiora deitu behar dugu eta bertako hizkuntza ulertzen ez dugunez informazio bulegoan lagundu digute. Dena planeatu ostean Zermatt herrira joan gara oinez ,hankak berotzeko, hurrengo egunerako prest edukitzeko. Zermatt herria oso polita izan arren, oso garestia ere bada. Automobilak elektrikoak dira eta bertan ikusten diren gehienak japoniarrak eta hinduak dira beraien oporraldia pasatzen. Bertatik ikusten dugu Cervino handia, ikusgarria benetan. Baina astearterako utziko dugu hurbilagotik ikusteko asmoz. Beherantz goaz berriz, Tach herrira, afaltzera eta motxila prestatzera. Asteartea da. Motxila errepasatu ondoren gorantz abiatu gara, Zermatt herrira. Handik hasten da gure bi egunetarako pentsatuta dugun mendi irteera. Motxilak oso kargatuta dauzkagu eta pisu asko daramagu lepoan: soka, jantziak, janaria, etab. Gorako bidean bi aterpetxe pasa behar ditugu: Platthorn eta Trift. Gurea hirugarrena da, rothornhutte. Bigarren aterpetxe parean bista politak agertzen hasi dira. Gure atzealdean ,Monte Rosa(4634mtr), Liskamm(4527mtr) , Breithorn(4164mtr) etab. Ikus daitezke, gure ezkerraldean Cervino handiaren tontorra ageri da, oso hurbil dagoela dirudi, urruti egon arren. Eta gure aurrealdean Triftgietscher glaziarra dago, bere aurrean gure gaurko helburua: Rothornhutte.

Arratsaldeko bostak dira eta afaltzeko itxaroten gaude, ez dakigu zer afalduko dugun, baina gose handia dugu. Egia esan, sekula baino lehen afaldu dugu, sei t'erdietan, hala ere normala da horrelako orduetan afaltzea; biharamunean goiz jaiki behar izaten da, alpeetan laumilako mendiren bat egitea nahi izanez gero. Horrela izan da, goizeko hiruretan argia piztu dute, gosaldu ondoren, frontala ipini eta enkordatu egin gara Roberto eta ni. Izotz tornilloren bat ere gainean daramagu bada ez pada. Triftgietscher glaziarrean ekin diogu gure bidaiari, Obergabelhorn tontorrerako bidean. Grieta batzuk pasa ditugu eta eguna argitzen hasi da bostak aldera. Ordu honetarako bide erdia eginda eduki dugu eta harkaitzetara heldu gara. Orain harkaitza eta elurra daukagu gure aurrean, mixtoa. Jende gutxi dabil inguru hauetan, ia denak Weisshorn mendira joanak dira. Harrizko horman gaude eta kordinoak ateratzeko ordua da, ez du ematen arriskutsua denik baina bada ezpada ditugu, gure buruak aseguratzeko. Gorantz goazen ahala, izotz plakak topatzen ditugu harkaitzen artean, kontuz ibili beharra dugu toki honetan. Goizeko hamaikak dira eta Wellenkupp tontorrean gaude(3900mtro-tara). Tontor hau pasatu beharra dago Obergabelhorn gailurrera heltzeko. Pozten hasita gaude, hala ere pixka bat nekatuta ere bai. Eta aurrean ikusi duguna desanimatu egiten gaitu. Pala handi bat ikusi dugu 50 graduko aldaparekin, oso arriskutsua eta luzea iruditu zaigu. Planteatzen hasi gara: aurrera jarraitu edo buelta eman. Orduak aurrera doaz eta oraindik Zermatt herrira bueltatu behar dugu. 2600mtr-ko desnibela gelditzen zaigu oraindik, 100 metro tontorrera heltzeko, eta 2500 metro jaisteko. Aurrera jarraitzea pentsatzen dugu baina urduritasun pixka batekin. Roberto eta ni enkordaturik gaude eta oso arriskutsua da, batez ere batak besteari eustea latza delako, eroriez gero seguruenik biok amildegira erortzeko arriskua dagoelako.

Hamaikak dira eta tontorrera heltzear gaude, oso pozik gaude, bista izugarri politak ditugu begien aurrean: Cervino pare parean, glaziar pila bat alde guztietan, ... Paisaia ikusgarria. Baina ez daukagu astirik gehiago gelditzeko, argazki batzuk atera eta jan ostean beherantz abiatu gara. Oso urduri goaz, lehengo aldapa jeitsi beharra daukagulako. Rappel batzuk egin ostean eta lehenengo glaziarra pasata aterpera heldu gara. A zer poza heltzean, garagardo pare bat edan ditugu, materiala gainetik kendu eta motxilan sartu ostean beherantz abiatu gara, hasi duguna bukatzeko. Arratsaldean behera heldu ostean kamping bat bilatu dugu dutxa eder bat hartzeko, gero ospatzera joan gara, poteo eder batekin ospatu dugu.